Fraternité, egalité, liberté, Eñaut Agirre Iturrioz

2007ko Beasain Idazlan Lehiaketan saritua (1go saria, A mailan)


Eñaut Agirre Iturrioz

Ordizia, 1990

  • enautEgunero jaiotzen gara. Egun bakoitza berria, zaharra eta lehenengoa da aldi berean. Egun bakoitza bizia da. Zer da eguna? Nor da eguna? Geu gara eguna, egunero ezberdin eta berdin aldi berean; egun bakoitza da bat, mundu bat, bizipen dibertigarri bat.
  • Egunak joan, egunak etorri… Nor, zer naizen galdegiten zioat neure buruari. Hi? Hi behin haragi bigun eta gorrixka eta hezur multzo bat hintzen, gaur egun apur bat hazia egunek duten magia berezi horri esker, denboraren joanari esker.
  • Eta orduan galdetzen zioat bada neure buruari, eta orduan zer bilakatu nauk bada, zer demontre nauk egun? Besteak ez bezalakoa haiz, gizon-emakume guztien gisan berezia, egunez egun aldatzen dena.
  • Ni, Ordiziako mutil gazte bat naiz (ezin gizon jarri, etxean oraindik ez naizela gizondu esaten baitidate), beste hainbaten artean beste bat. Gaur egun, Jakintza Ikastolan ari naiz 1. batxilergoko ikasketak egiten eta ororen gainetik (aitortu beharko dut oraingoan…) alferkeriak gogor erasotzen dion mutila naiz. Badakizue, edozer egin dezan bizpahiru pertsona zer egin behar duen gogorarazten behar dituen horietakoa, idazlan hau idazterakoan bezala.
  • Ni, egunen joan-etorrian aldatzen den pertsona izaki, baliteke bihar honelakoa edo halakoa izatea, baina horixe da gure patua, aldakorrak izatea, sentikorrak izatea. Eta orduan zein da bada gure bertutea? Unean unekoa azaltzea, egunero bizi duzuna azaltzea. Nola? Idatziz, nola bestela.