Freedom fighters, Eñaut Agirre Iturrioz
2008ko Beasain Idazlan Lehiaketan saritua (2. saria, A mailan)
Eñaut Agirre Iturrioz
Ordizia, 1990
- Beste urtebete igaro da dagoeneko. Igaro, edo denborak eraman gaitu arrastaka, gogoz kontra bezala. Urte bat bakarrik ez, gertaera, bizipen eta pertsona ugari ere eraman ditu gizakion borreroak. Urte luze bat pasa da eta, hala ere, paper zurian ezer gutxi gehitu dezakedala iruditzen zait. Are gehiago, ohartu naiz aurreko urteetan esandakoari ezer gutxi gehitu diezaiokedala, errepikapenean erortzen ez banaiz, behintzat. Urtebetean gauzak ez direla horrenbeste aldatzen, alajaina!
- Horixe ezetz. Zer esan dezaket, bada, aurreko urteetan esandakoaz gaindi? Hainbeste aldatzen ote gara urtebetean? Eta, gainera, nork jakin egokia ote den hain gertuko historiaz hitz egitea?
- Nik garbi dut ez dudala ezer gehitzekorik. Historia bera zer den, nola osatzen den eta zertarako balio duen ere oso argi ez daukat.
- Sarrionaindiak esan zuen behin historiak era guztietako argumentuak pilatzen dituela, zer frogatu nahi duen oraindik ez dakien arren. Historia behin eta berriz idazten den testua dela, ondoren berriz borratua eta idatzia izateko. Gaur idazten dudan historia puskatxo hori gogoko izango al dut etorkizunean? Edo damutuko naiz idatzi nuen bezala idazteaz? Laketago zait erabaki hori bazter uztea, denborak argituko du erabaki egokia den edo ez.
- Historiak ez du jakingo zer frogatu nahi duen, eta nik, berriz, ezin froga dezaket zergatik idazten dudan. Urtea joan urtea etorri, idatzi ditut ipuinak Beasaingo Idazlehiaketarako eta, oraindik, ez dakit zergatik. Hala ere, eskerrak eman nahi nizkieke epaimahaikide eta irakasleei erantzun horiek lortzeko bidea urratzen laguntzeagatik euren denbora eta pazientzia eskainiz.