Zergatik panpox, Arantxa Urretabizkaia
(Ipuin Izugarriak, aukera eta sarrera Xabier Mendiguren. EREIN argitaletxea)
Narratzailea: Nerea Ayerza (euskaljakintza)
Arantxa Urretabizkaia
Donostia, 1947
XX. mendeko hirurogeigarren hamarkadan Argia taldean eta Lur argitaletxean jardun zuen. 1977an kazetaritzan eman zituen lehen urratsak. Egin egunkari desagertuan hasi eta, ondoren ETBko aurkezlea izan zen eta, halaber, Deia-n eta El Diario Vasco-n lan egin zuen. Gidoigile gisa, 1983an Albaniaren Konkista idatzi zuen, eta handik lau urtera, "Lauaxeta"ren gidoia.
Zergatik panpox izan du eleberririk arrakastatsuena. Geroztik ipuin-bildumak idatzi ditu, besteak beste, Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik eta hainbat eleberri: Saturno , Aldatuko da nire bizitza, Koaderno gorria.
Literatur Kritikarien Sari Nazionala eta Irungo Hiria sariak jaso ditu, azken hau 1982an "Maitasunaren magalean" poema-liburuagatik. 1982. urtean Maitasunaren Magalean poesia liburua argitaratu zuen. Ez zen hori, ordea, egilearen lehen poesia saioa, ordurako argitaratua zuen San Pedro Bezperakoak poema luzea; Gipuzkoa Saria jaso zuen 1971. urtean. (Euskal Idazleen Elkartea).
Bere biografiari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo ezazu basqueliterature.com-era.
Zergatik panpox, 1979
Zergatik Panpox nobelagilearen lanik biribilena da. Lagunak alde egin ondoren emakume batek bere haurrarekin bizi duen egun normal bat kontatzen digu nobelak. Goizean goizetik gosaria eman, ikastolara joan behar dela hurrengo, arratsaldean jaso... lotara eraman arte, eta protagonista bera oheratu arte egin eta burutik pasatako gogoetak dira nobelaren edukia. Txema lagunaren ausentzia oroitzapen huts baino zerbait gehiago da nobelan, emakumearen gogoeta gehienetan dago haren ausentzia. Bakardadea sentitzeko ere ia tarterik gabe dago emakumea, halakoxea baita bere bizitzaren atze-aurrea. Baina tartetxo bakan horietan isurtzen da nobelara etxetik alde egin zuen lagunaren oroitzapena. Emakumea da kontalaria, eta emakumearen sentsibilitate unibertsalenetik dago kontatuta nobela, haren sentimenduak guztionak baitira. Virginia Woolf-en Mrs. Dolloway nobelako sentsibilitatea ez dago Urretabizkaiaren nobelatik urrun. Zergatik Panpox-ek ere egun batera errenditzen du kontatutako esperientzia literarioa.