
Desamorea, Joxe Austin Arrieta
(Poesia kaierak, SUSA argitaletxea)
Narratzailea: Eneritz Zabaleta (euskaljakintza)
Udazken-hats epela
hosto ihartuen dantza
hego-haizeak dakar
maite galduen arantza.
Hiria kaio lotia da
begi-ninian zait pausatu:
nahi nuke zure oroipena
uxatu
Ibaia txalupa motela
itsasora doa nagiki:
maitasun-uhinen galdean
nabilki.
Zubia dut orain igaro
ertz bata urrunean utziz:
urmael umelak betiko
ahantziz.
Euriak emaro busti nau
ur bizi berria dakarkit:
zubiaz bestalde hain urrun
zakuskit! (1989, Susa)
Joxe Austin Arrieta
Donostia (Gipuzkoa), 1949
Filologoa da ikasketez, eta bankaria lanbidez. Kargu politikoak hartu izan ditu kulturaren eta euskararen alorrean. Bi narrazio liburu argitaratu ditu (Termitosti-Bidaia eta Labur aroz), eta beste bi nobela garrantzitsu (Abuztuaren 15eko bazkalondoa eta Manu Militari). Itzulpengintzan eredugarri aitortua dago bere Hadrianoren oroitzapenak.
Obra poetikoa
- ARROTZARENA / NEURTITZ NEURGABEAK. CAP-Kutxa, 1983
- BERTSO-PAPER PRINTZATUAK. Elkar, 1986
- MINTZOEN MINTZAK. Elkar, 1989
- GRAFFITIEN GANBARA. Kutxa, 1996
«Arrietaren poesiak oihartzun asko dakartza, baina ez asmo kultista batean. Poeta honen inter-testualitateari ezin zehazkiago zeritzon Juan Mari Lekuonak "intra-literatura", testu berrian txertatzen dituelako gure tradiziotik, herritik nahiz kultutik, jasotako edertasunak. Omenaldi hori gomita da, erakustegi, kitzikagarri. Ez besterik. Gure ondarearen barruan kokatzen da poeta, haren zordun deklaratzen da, eta ahalegina egiten du euskal literatura mundu erreferentzial baliagarri bat izan dadin. Alabaina, Joxe Austin Arrietak bere mundu propioa islatzen du poemetan: nerabearen tristura, zapalduekiko atxikimendua, egunerokoaren hastioa, maite-poza, abertzaletasunaren mindurak... Eta beti ere lanketa formal handi batean.» (Koldo Izagirreren sarreratik)
XX. mendeko poesia kaierak, SUSA literatura