
Entropia 1, Felipe Juaristi
(Poesia kaierak, SUSA argitaletxea)
Narratzailea: Eneritz Zabaleta (euskaljakintza)
Zer zinen zu denborarik ez zenean?
Zu eta denbora jaio baitzarete batera.
Orain haizeak jotzen zaitu aurpegian,
Eguzkiak egiten dizu keinu
Kapeluaren azpiko zure begi arraietan.
Hegan dagite zikoinek zeruertzean
Eta enarak jira-bueltaka dabiltza ibai ondoan.
Begiratzen duzu aurrera eta atzera.
Espero zenuena ez da agertu zitara.
Orduan ez zen kontzeptu abstraktorik.
Denborarik ez zenean ez zen espaziorik.
Geografiarik ez, historiarik ez, filosofiarik ez.
Mundu hura alaiagoa zen, eta sinpleagoa.
Hitzik ez halako egoera adierazteko.
—Hitza baita instante bat mila zatitan hautsia—.
Izenik ez gauzak bataiatzeko.
—Zerbait izendatzea, iraupena ematea da.
Geroaz bustitzea haren zainak—
Baina ura bazen itsasorainoko bidean
Eta hondartzan baretzen ziren olatuak.
Orainik ez zen, ez iraganik.
Dorrean ez erlojurik, ariman ez minik,
Ekintzetan ez engainurik, bihotzetan ez damurik.
Inor ez zen berandutzen, ez goiz etortzen.
Baina kafea hartzen ari zara, arrenkuratuta
Terraza triste bateko mahai bakartian.
Leihoan kardantxilo bat kantari.
Haur batek uso luma grisa nahi du harrapatu.
Beroak bustitzen dizu ahoa,
Mendi-muino baten gisa kiribildua.
Suzko bi arbola gozo dira zure iztarrak.
Ezer ez zen gaur den modura.
Zu ezberdina izango zinen.
Bizitzarik ba ote zen? Ez dakit.
Arduratuegi nengoen zita hori prestatzen.
Beste bat ez baita egongo.
Aspertuta joango zara, ez zara itzuliko.
Ezer ez da errepikatzen, dena da aldatzen.
Ezer ez da berritzen, dena da galtzen,
Baita oroimena ere, habiarik gabeko txoria.
Ez zaitut berriro ikusiko
Zure hodeizko soinekoarekin, gorputz argiarekin. (1992, Susa)
Felipe Juaristi
Azkoitia (Gipuzkoa), 1957
Azkoitian jaio zen 1957. urtean. Kazetaritza ikasketak egin zituen Madrilen, eta lanbide horretan aritu da, euskaraz zein gaztelaniaz, hainbat lekutan.
Literatur gazeta eta Porrot aldizkarien sortzailetako bat izan zen. Poeta bezala da bereziki ezaguna, baina prosazko lanak ere argitaratu izan ditu.
Argitaratu zuen lehendabiziko poesia lana Denbora, nostalgia (1984, Baroja) izan zen. Ondoren etorri dira Hiriaren melankolia (1986, Baroja), Laino artean zelatari (1993, Alberdania) edo 1998an Euskadi saria jaso zuen Galderen geografia (1997, Alberdania). Lan hori gazteleraz ere aurki liteke, Bassarai argitaletxean: Geografía de las preguntas, 1999an argitaratua. Bere lanez osatua dago (2001) Susako XX. mendeko poesia kaieratako bat.
Lehendabiziko Euskadi saria jaso zuen urte berean argitaratu zuen bere lehendabiziko nobela, Intzensua lurrean bezala (1988, Baroja). Bigarrena, Arinago duk haizea, Absalon, 1990ean argitaratu zuen Erein argitaletxean, eta azkena argitaletxe berean kaleratu duen Airezko emakumeak da, 2003. urtekoa.
Animalien ihauteria lan saritu hau baino lehen, haur eta gazteentzako literatura asko idatzia da Felipe Juaristi. Baita ondoren ere: Tristuraren teoria (1993, Erein), Ilargi-lapurra (1994, Erein), Eguzkiren etxea (1998, Alberdania), Laura eta itxasoa (1998, Aizkorri), Hiria eta haurrak (2001, Erein), Izar euria (2001, Elkar), Printzesen eskola (2001, Ibaizabal) eta Itzarri nahi ez zuen printzesa (2002, Alberdania, Joseba Jaka literatura bekaren laguntzaz idatzia).
Gaur egun El Diario Vasco egunkarian argitaratzen ditu bere zutabeak eta liburu argitaratu berriei buruzko iruzkinak (Euskadi Literatura Sariak).