Estazioko begiradak, Joseba Sarrionandia
(Narrazioak, ELKAR argitaletxea), 1983
Narratzailea: Sara Agirre (euskaljakintza)
Joseba Sarrionandia
Iurreta (Bizkaia), 1958
Joseba Sarrionandia Uribelarrea Iurretan jaio zen 1958an. Filologia ikasi zuen Bilbon eta gaztetatik hasi zen literaturaz eta zinemaz zenbait aldizkaritan idazten: Ibaizabal, Zeruko Argia eta batik bat Pott-en. 1980an atxilotu egin zuten ETAko kide izateagatik, eta kartzela-zigor luzea ezarri; hala ere, 1985eko San Fermin egunez ihes egin zuen Martuteneko espetxetik eta geroztik klandestinitatean bizi da. Kartzela baino lehen, bitartean eta ondoren, ordea, idazle izaten segitu du Sarrionandiak, eta kalitatearen marka nabarmena dute haren liburu guztiek.
Sarrionaindia 80ko poesiaren berritzaile eta inspiratzaile nagusietakoa izan da. Bere lehenengo liburua, Izuen gordelekuetan barrena (1981) guztiz aipatua eta jarraitua izan da, bere ezaugarrietako batzuk direla eta, hala nola kosmopolitismoa, estetizismoa, erreferentzia kultural anitzak... Liburua ez da poemen bilduma hutsa, denen artean osotasun bat eratzen baitute, bidaiaren metafora, Europako hainbat hiritan zehar egindako ibilaldi moduko bat, bakoitzeko idazle eta erreferentzia literarioen aipamenak eginez. Literaturaren baitako erreferentziak norberaren idazlanetan sartzeko joera honi intertestualitatea deitzen zaio, eta arrakasta handia izan du gure artean urte luzez. Jarraitu irakurtzen...(«Euskal literaturaren antologia» X. Mendiguren / K. Izagirre. Elkar, 1998)
Narrazioak
1983koa da Narrazioak arrakastatsua, Joseba Sarrionandiaren lehenengo ipuin liburua. Irudi eta metafora iradokitzailez beteriko prosa poetikoan, fantasiarako eta iraganeko legendetarako zaletasuna erakusten du idazleak. Hor kausitzen ditu irakurleak, sirenak eta marinel zaharrak (Coleridge edo Melvillerekiko lilura azpimarratzen dutenak), ziklo Arturikoari gorazarre egiten dioten pertsonaiak: Ginebra, Galahad... geltoki bakartiak, eta literaturari buruzko hausnarketa, hots, metaliteratura. (Olaziregi, M.J., "Hitzaurrea", in Mende berrirako ipuinak. Antologia, Erein, 2004)
Bestelakoak
- Joseba Sarrionandiaren literatura (bihotz bakartien kluba)
- Audioa: sei poema egileak berak irakurriak (Susa literatura)
- 1984ko maiatzaren 22an Mitxel Sarasketak Joseba Sarrionandiari kartzelan egindako elkarrizketa (bihotz bakartien kluba)