Pitzadura bat elur izoztuan, Bernardo Atxaga

(Obabakoak, EREIN argitaletxea)

 

Narratzailea: Ihintza Mendizabal (euskaljakintza)


Bernardo Atxaga

Asteasu (Gipuzkoa), 1951



Atxaga

Argazkia: Zaldi Ero


Joxe Irazu Garmendia, literaturan Bernardo Atxaga, Asteasun jaio zen 1951n. Bera izan zen Aresti hil ondoren (1975, Francoren heriotzako urte bera) abiatutako literatur mugimenduko egile nagusietako bat eta, gaur egungo euskal idazlerik ezagunena da, bai Euskal Herrian bai hemendik kanpo, bere lanek izan dituzten sari eta itzulpen ugariei esker.

Literatura esperimentalista egin zuen Atxagak hasiera batean: mugak hautsi eta transgresioa bilatzen zuena, abangoardismo estetiko eta ideologikoan kokatzen zena, literatur generoen arteko bereizketak baztertu eta nahita nahasten zituena. Honen adibide dira haren lehen lanak, aldizkarietan kaleratuak, eta Ziutateaz (1976) eta Etiopia (1979) liburuak (Atxagaren poesiaz, ikus aurrerago).

1980 inguruan, fase berri batean sartu zen, batetik haur literatura idatziz eta genero honi kalitate handia emanez, eta bestetik geografia pertsonal bat sortuz: Obaba. Herri txiki horretan gertaturiko istorioak asmatzen hasten da, harreman-sarez, irrikaz eta pultsioz josiriko unibertsoa osatuko duten ipuin klasiko eta biribilak, berehalako arrakasta izan zutenak irakurleen eta beste idazleen artean. Aurreko belaunaldiak euskaraz edonongo istorioak konta zitezkeela frogaturik utzi zuenez, kontu hurbilak ere zilegi bihurtu dira orain, kostunbrismo salaketaren beldurrik gabe. Hamarkada osoan zehar argitaratu zituen hainbat ipuin eta nobela labur, gehienak Obabakoak liburuan (1988) bildu zituenak. Beste askoren artean aipatzekoa da Gizona bere bakardadean nobela ere (1993).

80ko lehen aldi horretako ipuin bat da hona ekarri duguna, bere xumean egilearen maisutasunaren berri ematen diguna eta haren ezaugarrietako batzuk erakusten: anekdota txiki batekin ipuin guztiz eder bat lortu du, pasadizoa bera baino garrantzitsuagoa baita kontatzeko modua; haur bat da kontalaria (haurrak eta oro har baztertuak protagonista egiteko joera izan du Atxagak), eta haur horren hizkera sinesgarria da ipuinaren beste giltzarrietako bat: umeen sintaxi laxoa, lexiko sinple eta tarteka errepikatua... Gaia, berriz, kontatzen den gertakariaren azpian ikus liteke, susmo bezala hasieran («nintzateke» bezalako aditz hipotetikoetan, adibidez) eta egiaztapen gisa amaieran: haurtzaroko ametsen porrota, ilusioen desegitea, helduarora iristeko bidean.

Oihartzun handiena narratibazko lanekin lortu badu ere, poesia anitz eta maila handikoa idatzi izan du. Han-hemenkako kantu eta bilduma askotan jasotakoez gain, bere poema gehienak Etiopia (1979) liburuan aurki litezke.

Atxagarekin beste iraultza bat, edo aldaketa handia behintzat, etorri zen euskal poesiaren erresumara. Beste estilo bat, beste joera batzuk eta poesiaren aurreko beste jarrera bat ekarri baitzituen, 1980ko hamarkada ia osoan eragin itzela izan zutenak. Ez da erraza berrikuntza hauek zertan diren azaltzen, baina, beharbada, giltzarri bat egotekotan, ironia izan daiteke hori, aurreko poesiako joera nagusiekiko aldea markatzen duen ironia. Jarraitu irakurtzen... («Euskal literaturaren antologia» X. Mendiguren / K. Izagirre. Elkar, 1998).


Obabakoak, 1988


Obabakoak liburua urte askoren emaitza da. Ipuingintzaren tradizio luze eta zabalaren sintesia lortzen du Obabakoakek, Poe-rengandik XX. mendeko azken ipuinlarien lanetaraino: Maupassant, Txekhov, Villiers de L´Isle-Adam, Schowb, eta gertuagoko Waugh, Quiroga, Rulfo, Cortázar, Borges, Singer, Ipar Amerikako ipuin tradizioa, eta abar... Ahozko tradiziotik Joxe Arratibelen Kontu zaharrak eta "Auspoa" saila. XII. mendetik Europa liluratu duen Arabiako tradizio paregabea: Mila gau eta bat gehiago, Txinatik heldutako Marco Poloren bidaia fantasiatuak, eta abar luzea. Azken finean, literatura oso baten hausnarketa eta sintesi bat eskaintzen du Atxagak bere liburuan. Literatura eta bizitza bera imajinatzeko modu bat, begiratu bat. Munduari eta gizakiari erantzuna emateko abiapuntu eta estilo bereizia. Sinbolismoaren eta erromantizismoaren garaietatik landu eta garatu den tradizioa izan da berea ere. Eta, hala ere, abangoardiak eta Modernitate ausartenak erakutsitako irakasbideei ez die Atxagak ukorik egin, horra "bost minututan nola ipuin bat idatzi" lezioa. Literatur tradizio zaharra, ahozkotasuna, Modernitatea, zer ez; dena dago egilearen eskura eta guztion ondare da dagoeneko. Ondare aberats horrekin zer egin, horra Atxagaren azierto zoragarria (Erein narratiba).